XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bainan lege horri ba dario beste-ondoriorik ere, horren arabera edozein gaizko atomo-gramo bat (aluminiozko 27, burdiñazko 56 eta urrezko 197 gramo, adibidez) grado bat berotzeko beti 5,9 kaloria beharko liratekela erakusten bait-du.

Hortik azaldu zen lehenik, hain xuxen, lege horren orokortasunik eza, zenbait gaietan ez bait-da zehatz betetzen; diamantezko atomo-gramo batek, esaterako 5,9 kaloria hoien herenik ere ez du behar grado bat berotzeko.

Nernst-ek hortik zera atera zuen: 0ampdeg; K-etan ere ba dela, oraindik, nolabaiteko energia bat; hutseango energia horren zer-denaz eta zeri darionaz jabetzeko, ordea, bide luze bat egin eta Planck-en eta Einstein-en egunetaraino iritxi beharko dugu.

Horretarako, esti egin eta fisikalariek energia-mota nabarmenenaz (argiaz alegia) izan dituzten iritziak aztertzea bide da erarik egokiena.

Argia kiza-jario bat delakoan iraun zuten luzaroan jakintsuek.

Izan ere, uste hori erabat gogobetegarri zitzaien, orduan ezagun ziren argiaren ispillatze eta bide-okertzea ulertzeko aski bait-zen.

Orduko fisikalarien ustetan, argia ispilluan pilota bat orman bezelaxe islatzen zen, sartu bezain saihets atereaz.

Argi-izpi bat hedaleku batetik beste batera igarotzean berriz (haizetatik uretara, adibidez), bere saihesgoa hedalekuaren zailtasunaren neurrian aldatu egin behar, haizetatik uretarakoan zutiagotuz eta alderantzizkoan etzanagotuz, alegia.

Bainan horra, noizbait (Fresnel-ek eta Huygens-ek batez ere) argia alekor izate horrekin ezin josi zitezkeen gertakari batzu aurkitu.

Adibidez: Behar bezala hautatutako bi argi-izpi bata bestearen gainean erakus-zapi baten bilduz gero, zapiaren zati hark argi betean azaldu behar zukeela esan zitekeen bainan, horrela gertatu beharrean, zapian argiuneak eta illununeak agertzen zaizkigu, tarteka.

Adibidezago: Zirrikitu batetik datorren argiaren bidean zapia baino lehen ille bat edo jar badezagu, zapian ez da illearen erraiñu bakar bat izango, batzu baizik.

Argi-izpien elkar deusezte eta lits-urratze hoiek argiarekiko usteak aldarazi egin behar, halabeharrez, argia alekor balitz ulerteziñak bait-lirateke.

Hoik direla eta, argi-iturri bakoitza ugin-saldo baten sorburu delako ustera makurtu ziren fisikalariak; ugin baten bizkarra eta beste baten sakonunea batera gertatzen diren tokietan elkar deuseztu eta illununea azaltzeak bidezko dirudi horrela.